XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. Sarrera

Material metalikoen artean erabiliena altzairua da.

Altzairuari propietate mekaniko egokiak edukitzea eskatzen zaio aplikazio askotarako.

Hala ere, baldintza horrek ez ditu beste ezaugarri batzuk bigarren mailan utzi behar.

Osagai bat egiterakoan ikuspuntu desberdinak hartu behar dira kontutan materiala aukeratzeko.

Horietariko batzuk, propietate mekanikoez gain, honako hauek izan daitezke: konformagarritasuna, korrosioarekiko portaera, soldagarritasuna, birziklagarria izatea eta noski, prezioaren ikuspuntutik konpetitiboa izatea.

Altzairuen kasuan, ezaugarri guzti horiek ahaztu gabe, propietate mekanikoek mugatzen dute askotan altzairu-mota bakoitzaren aplikazio-esparrua.

Propietate mekanikoen artean, garrantzitsuenak ondokoak izaten dira: elastikotasun-muga, trakzio-erresistentzia, gogortasuna, harikortasuna, nekearekiko portaera eta zailtasuna.

Lehenengo lau propietateak ezagunak dira eta nahikoa ondo menperatzen dira:

altzairuen konposizio kimikoa egokituz eta tratamendu termiko desberdinak aplikatuz oso propietate desberdinak dituzten mikroegiturak lor daitezke, berauen balioek arauetako edo bezeroak eskatutako baldintzak gaindituz.

Zailtasunarekin ez da gauza bera gertatzen.

Behin baino gehiagotan, altzairu jakin batek gainontzeko propietate mekanikoen balioak ondo bete arren, ez du zailtasun egokirik izaten.

Horrez gain, zailtasuna osagai baten edo pieza baten segurtasunarekin erlazionatuta dagoen propietatea izanik, zailtasun-baldintza minimoak ez betetzeak ondorio latzak ekar ditzake.

Hau dela eta, altzairuen zailtasunean parte hartzen duten mikromekanismo eta aldagai desberdinak ezagutzea eta horiek egokituz altzairuen zailtasuna hobetzea da, ikerketa-zentru eta enpresa askoren helburua.

Altzairuaren zailtasuna tenperaturaren menpekoa da.

Oso tenperatura baxutan bere portaera guztiz hauskorra izaten da; tenperatura altutan aldiz, altzairu bera harikorra da.

Bi portaera horien arteko tenperatura-tartean altzairua hauskor/harikor trantsizio-egoeran aurkitzen da.

Askotan, giro-tenperatura (edo osagai baten lan-tenperatura) tarte horren barnean dago.

Egoera horretan laborategi-mailan zailtasuna neurtzea nahikoa zaila izaten da, baldintza berdinetan lortutako emaitzen arteko dispertsioa oso handia izanik.

Gainera, balio horiek saiakuntzarekin erlazionatutako zenbait parametroren menpe direnez (probeta-mota, probetaren dimentsioak,...), emaitzak laborategitik industriara, hau da, diseinu-mailara, pasatzea ez da batere erraza izaten.